2. Arreta zuzeneko bulegoen jarduera (bisitak eta telefono bidezko kontsultak)
1996tik, Ararteko erakundeak arreta zuzeneko bulegoak dauzka Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetan. Horri esker, administrazioren batekin arazoak dituzten herritarrei hobeto lagun diezaiekegu. Bulegoetan hartutako eskarmentuak erakusten du, gainera, bertan jasotzen diren bisitez gain, telefono bidezko kontsulta ugari ere egiten direla, eta erakundeko langileek erantzuten dituztela.
Horregatik, bisitak ez ezik, telefonozko kontsultak ere zenbatzen ditugu, ziur baikaude horien bitartez informatzeko lan interesgarria egiten dela pertsonei administrazioekin dituzten harremanetan zein eskubide dituzten adierazten. Horrela, 2012. urtean guztira 8.758 kontsultari erantzun diegu. Horien artean, 1.757 telefono bidezko kontsultak izan dira, eta 7.001, berriz, hiru bulegoetakoren batera joan diren pertsonenak. Beraz, % 66,70 areagotu dira 2011. urtearen aldean.
(2. grafikoa)
Telefono bidezko kontsulta eta bisiten kopurua arreta zuzeneko bulegoetan
– Arreta zuzeneko bulegoetara egindako bisitetatik zenbat bihurtu diren kexa
Arreta zuzeneko hiru bulegoetan jasotako bisitetatik 1.657 kexa bihurtu dira, hau da, bisita guztietatik % 23,66.
(3. grafikoa)
Kexa bilakatutako bisitak
Gainerako bisitei dagokienez, batzuetan erakunde honen jarduera-eremutik kanpoko gaiei loturikoak ziren; horrenbestez, ezin ziren kexa moduan bideratu; beste batzuetan, agiri gehiago behar ziren edo aurretiazko gestioak egin behar ziren administrazio-organo eskudunetan; eta azkenik, beste zenbait kasutan, azaldutako arazoek kexa bihurtzeko funtsik ez zuten, bisitak kexa-espediente baten biderapenarekin zuen zerikusia edo erreklamatzaileak bere arazo zehatzean zein izapide egin behar zituen jakin nahi zuen.